Top_bar_btn_squeeze

Oraindik ez dakizu? Helbide honetan gaude:


http://www.euskaljakintza.com


euskaljakintza4

Irailaren hasieratik aurrera, azken bi urteetan ostatu eman digun blogsome utzi eta gune propioan kokatu gara. Gure berri izan nahi baduzu, joan euskaljakintza berrira edo gaurkotu gure jarioa.

Helbide eta jario berriak:

  • Helbide berria: http://www.euskaljakintza.com
  • Jario edo feed berriak:
    1. http://feed.euskaljakintza.com/euskaljakintza
      http://www.euskaljakintza.com/feed/ (RSS )
      http://www.euskaljakintza.com/feed/atom/ (Atom)

    Egun hauetan, blog zaharra euskaljakintza berrira birzuzenduta dugu, hots, ezertxo ere gin gabe hemen sartzen bazara segundo batzuen buruan euskaljakintza berrian azalduko zara. Dena den, hau hasieran baino ez da izango, birzuzentze hori kentzeko asmoa baitaukagu. Kentzen dugunean, blog hau erabat erabilgarri baina zaharkitua geldituko da. Hortaz, gure artikulu berriak irakurri edo lan berriak kontsultatu nahi badituzu, gure helbide berrira aldatzea edota jarioa eguneratzea aholkatzen dizugu.

    Ez ahaztu! Gurekin jarraitu nahi baduzu, zatoz euskaljakintza berrira! :-) ;-)

Euskaljakintza.blogsome.com zena euskaljakintza.com izango da hemendik aurrera. Bi ikasturte, 454 artikulu, 826 iruzkin eta 265.190 orri kargatu ondoren, Blogsomeri agur esateko garaia heldu da. Iazko ikasturtean, jada, sumatu genuen bloga gure hosting propiora pasatzeko beharra. Alde batetik, sortuak genituen hainbat eduki gure babespean gordetzeko egokitasuna ikusi genuen eta, bestetik, irudiak eta argazkiak igotzeko muga aspaldi gainditua genuen honek zekarren lan bikoizketarekin (artikulua Blogsomen idatzi, irudiak Flickreko kontu batean gorde…). Gauzak honela eta gure proiektuarengatik Foru Aldunditik lortutako diru-laguntzari esker, ikasturte bukaeran migrazioari ekitea erabaki genuen.

Aurretik ere ibiliak gara Elurnetekoekin elkarlanean eta informatika lanetan eskarmentu handia eta eskaintza zabala dituztenez, beraiekin harremanetan jarri eta bertako Gorka Julio “Teketen” apartak ekin zion euskaljakintzaren migrazioari. Ilusio handiz (eta tristura apur batez nire aldetik, egia esateko) ekin genion uztailean lanari. Zenbat buelta tarte honetan! Eskerrak Gorkaren pazientziari! (Zer iruditzen zaizu hau kentzea, beste hori mugitzea, hango hura aldatzea…? Nola egiten da…?). Mila esker, Gorka, izugarri ikasten dut beti zurekin (gustatuko litzaidake informatikaria izatea!) :-)

Bestalde, behin aldaketekin hasita, edukia txukuntzeko garaia ere bazela garbi zegoen. Magicek beti esaten zidan euskaljakintzak “El bazar de la coja” ematen zuela. Informazio guztia -gehiegi- dena begi bistan, kaotikoki antolatuta. Egia esan, ikasleek eta lankide batzuek ere esan izan didate hainbat eduki topatzeko arazoak izan dituztela noiz edo noiz…Beraz, bere iradokizunari jarraiki (beti bezala :wink: ), edukiak atal orokorretan banatu eta azpiatalak orri nagusitik kendu ditut. Atal horiek zabalduz, eduki-zerrendak azaltzen dira. Badirudi, orain erosoago dagoela bilaketak egiteko. Gainera, magici kritika konstruktiboa eskertzeaz gain, txantiloi edo theme berriaren proposamena ere eskertu behar diot; izan ere, Gorkak eta biok bi egun oso sarean zehar dauden wordpress theme guztiak behin eta berriz ikusten pasa ondoren, magicek proposatutako lehenengoarekin gelditu naiz, dezinerfolio delako bat. Orain txukunagoa dagoela iruditzen zaizu, magic? :smile:

Luzamendutan ibili gabe, onena antolaketa berriaren azalpentxo bat ematea izango da:

euskaljakintza berria

Goiko aldean:

      1. EGA: EGAko azterketa prestatzeko gune berria (azalpenak, ariketak, egutegia…).
      2. ARAUAK: Euskaltzaindiaren arauak ikasi edo errepasatzeko ikastaroa (azalpenak eta ariketak online).
      3. HAUTAPROBA: Hautaproba edo selektibitateko euskarako azterketa prestatzeko wikia.
      4. HIZTEGIAK: Hiztegia.net-era lotura
      5. BALIABIDEAK: Euskaljakintza euskara baliabide-bilduma
      6. ENTZUN: Euskaljakintzako entzun-irakurtzeko gunea. Autore ezberdinen ipuin, poesia eta eleberrien grabazioak eta informazioa.

Eskuineko aldean (aldatzen joango da):

euskaljakintza berria 2

      1. BILATU: euskaljakintza barneko bilatzailea.
      2. ARIKETAK: euskararen hainbat arlo lantzeko euskaljakintzakook sortutako ariketak (ortografia eta arauak, esaldiak berridatzi, sinonimoak, esamoldeak, atsotitzak, lokailuak)
      3. KONTSULTATEGIA: bat-bateko kontsultak (aditzak, ahozko erdarakadak, “a” itsatsia, antolatzaileak, deklinabidea, , interjekzioak, konparazioak, lokuzioak, perpaus motak…)
      4. 2.0 BALIABIDEAK: Zer da web 2.0?, baliabide-bildumak, blogak, galde-sortak, Moodle, Podcasting, webquestak, wikiak… Horiei guztiei buruzko informazioa eta esteka interesgarriak.
      5. GURE TXOKOA: euskaljakintzakook gure lanerako beharko dugun informazio eta material guztia (programazioa, egutegia, dokumentazioa, gure lan-koadernoak, irratia, irakurlearen txokoa…)
      6. TXAT
      7. AZKEN MEZUAK
      8. ATALAK
      9. ARTXIBOAK
      10. JAKINTZA IKASTOLA: Jakintza Ikastolako gune ezberdinetara loturak.

Artikulu guztien ondoren, zabilduko ikurra topatuko duzue. Zabildu Alex Kingen Share This Wordpress gehigarriaren euskal lokalizazioa da. Ikur bakar bat gehitzen du zure blogeko sarrera guztietan, edukiak zenbait markadore sozialetara bidaltzeko (bildu, zabaldu, delicious, google bookmarks, digg, technorati…).

Amaitzeko, hementxe dituzue euskaljakintzako helbide berriak. Ea gustuko duzuen!

CanoArtikulu bat baino gehiago idatzi ditugu euskaljakintzan Harkaitz Cano idazle lasartearrari buruz, Belarraren ahoa liburuari buruz edota Jakintza ikastolan izan genuenekoa kasu; baita Euskadi saria irabazi zuenekoa ere. Literatura idazteaz gain, hainbat egunkaritan kolaboratu du, eta irrati zein telebistako gidoigile lanetan ere aritua da. Lehenengo argitalpenak poesiakoak izan baziren ere, ondoren prosarantz jo du eta gaur egun euskal literaturako idazlerik sendoenetakoa delako zalantza izpirik ez dago.

Bere lanen artean ondorengoak aurki ditzakegu: Kea behelainopean bezala (poesia, 1994), Paulov-en txakurrak (narrazioa, 1995), Radiobiografiak (ipuinak, 1995), Beluna Jazz (nobela, 1996), Telefono kaiolatua (ipuinak, 1997), Bizkarrean tatuaturiko mapak (ipuinak, 1998), Pasaia Blues (nobela, 1999), Belarraren ahoa (2004)…

Nik irakurri dudan obra Bizkarrean tatuaturiko mapak izan da. Canoren lan hau 49 ipuinez osatua dago. Horietako bakoitza hiri ezberdin batean kokatzen da: Amsterdam, Bartzelona, Dublin, Erroma, Liverpool, Mosku, Rio de Janeiro, San Petersburg, Tokio…

Hiri ezezagun batera iristean atseginagoa da bertakoen istorioak entzutea gidak egunero errepikatzen duten historia entzuten egotea baino. Horrela, Harkaitz Canoren ahotsean entzun ahal izan zituzten Euskadi Irratiko Goizean Behinzale guztiek 49 hiri hauetako istorio bana. Orain liburu honetan kontatuak. Arantxa Iturberen sarrera, Canok liburu hau idaztearen arrazoia azalduz, eta liburuko pasarteren bat irakur ditzakezue hemen.

Bizkarrean tatuaturiko mapakErraz irakurtzen diren ipuinak direla esango nuke; labur-laburrak gainera, bakoitzak bi edo hiru orrialde baino ez baititu. Ez du inongo jarraitasunik eskatzen irakurtzeko orduan hiri bakoitzean aurrekoarekin guztiz ezberdina den istorioa kontatzen baitu.

Irakurtzeko gogoa bai, baina asti gehiegirik ez dugun momentuetarako liburu aproposa, pixkanaka irakurtzekoa, alegia. Izan ere, arestian esan dudan moduan, kontakizun laburrez osatutako liburua da eta nire iritziz, behintzat, ez da guztia jarraian irakurtzeko horietakoa, hots, ez duzu kontakizunaren haririk galduko.

Nik azaldutakoaz gain, beste iruzkin interesgarri hau aurkitu dut, liburuaren berri beste ikuspegi berezi batetik ematen duena; baita idazle honi eta beste askori buruzko informazioa ere, bere lanak, sariak… Eta, amaitzeko, hementxe duzue Harkaitz Canori eginiko elkarrizketa interesgarri bat.

ArrietaJoxe Austin Arrieta Donostian jaio zen 1949. urtean. Filosofia eta Letretan lizentziatua (Filologia Erromanikoan), gaur egun, Gipuzkoako Kutxa bankuan itzultzaile gisa lan egiten du. Euskara-irakasle izan da hainbat urtez, EUTGko Hizkuntz Eskolan eta Filosofia Fakultatean, hain zuzen. Euskalgintzako beste hainbat alorretan ere ibilia da, UZEIrekin eta UEUrekin ere egina baititu zenbait lankidetza. Kargu politikoak hartu izan ditu kulturaren eta euskararen alorrean.

Poesia eta narratiba landu ditu gehienbat. Bidaia-Termitosti (Ustela, 1978) ipuin-bildumak zabaldu zizkion Joxe Austin Arrietari literaturaren ateak, baina jarraian etorri zen lanak, Abuztuaren 15eko bazkalondoa (GAK, 1979; Elkar, 1985) nobelak, egin zuen zinez ezagun. Hurrengo lanarekin, Manu militari (Elkar, 1987), teknikari begira urrats bat aurrera egin zuen Arrietak. Honen ostean, Labur aroz (Txalaparta, 1997) narrazio bilduma argitaratu zuen egileak. Genero narratiboan ez ezik poesian ere lan paregabea egina du. Denbora tarte txikian lau poemategi kaleratu zituen Arrietak: Arrotzarena-Neurtitz neurgabeak (GAK, 1983), Bertso-paper printzatuak (Elkar, 1986), Mintzoen mintzak (Elkar, 1989) eta Graffitien ganbara (Kutxa Fundazioa, 1996). Isilune baten ostean, Orbaibar (Kutxa Fundazioa) argitaratu zuen, 2003an. Itzulpengintzan ere lan handia egin du. Bereak ditugu Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (Elkar, 1985), William Goldwing-en Eulien ugazaba (Elkar, 1991), Jaume Fauster-en Beirazko giltzak (Elkar, 1997) eta Max Frisch-en Homo Faber (Elkar) liburuen euskarazko itzulpena, besteak beste. Eulien ugazaba lanaren euskarapenagatik Euskadi saria jaso zuen egileak 1993an. Informazio gehiagorako egin klik hemen eta hemen.

AzalaNik irakurri dudan liburuan, Arrietak abuztuaren 15eko bazkalondoan protagonista den nerabeak eta bere familiak izandako solasaldia kontatzen digu. Elkarrizketa honetan aitak aitzinean bizi izandako esperientziak kontatzen ditu. Hauetako batzuk hunkigarriak dira, Gernika bonbardatu zuteneko egunean bizi izan zuena edo Bartzelonan bere lagun guztiak hil zituztenekoa, adibidez. Baina, amaren laguntzaz, momentu alaiak edo hain dramatikoak ez direnak ere azalduko ditu. Esate baterako, bere alabaren -protagonistaren neba- ezkontzan gertatutakoa edo Gernikako gorabeheren ondoren familiarekin topatzean hartu zuen poza.

Hala ere, mahaian bilduta direla, gaztea bere oroitzapenen gainean gogoeta egiten hasiko da eta pentsamendu hauek izango dira nagusi liburuan. Apaizekin izandako liskarrak, lagunekin bizitako gertaerak, Konstituzio plazan ospatutako dantzaldiak, bere aitonarekin igarotako momentuak, Luzero zaldiarekin bizitakoak, Marisa izeneko neskarekin izandako erlazioa… Beraz maitasuna, tristura, negarrak, parrak… izango dira elementu nagusiak liburu honetan.

Kontakizun hauek guztia, abuztuaren 15eko bazkalondoan trago batzuk hartzen dituzten bitartean kontatu edo gogoratutakoak, iraganetik orainaldira doaz. Horrela, liburuaren azken kapituluetan, ordura arte inongo esanahirik gabe jaurtiak ziruditen esaldiek zentzua hartzen dute eta hauetako asko elkarrekin lotzen dira.

Liburua ez zait asko gustatu. Nire ustez, liburu bat irakurri ondoren, zerbait ikasi duzulako sentsazioa eduki behar duzu, edo minutu batzuez irakurri duzunaz pentsatzera bultzatu behar zaitu edo pasarteren batean, behinik behin, zirrararen bat sentiarazi behar dizu. Nire kasuan ez da horrelako ezer gertatu.Abuztuaren 15eko bazkalondoa irakurri dudanean, ez dut emoziorik sentitu, garrantzirik gabeko kontutxoak iruditu zaizkit gehienak eta, irakurketa amaitu dudanean, axolagabe utzi nau. Hala ere, irakurtzea gomendatzen dizuet. Izan ere, nire kasuan, behintzat, horrelako liburu bat irakurri ondoren atsegin duzun beste bat irakurtzen duzunean, askoz ere gehiago gozatzen baituzu.

internetHasieran, Internet erabilera militarrerako sortu zen. Funtsean seinale digitalen transmisioak bideratzen duen sare bat da. Sare hau osatzen duten elementu nagusiak kablea (kobrezkoa edo zuntz optikoa) eta router-ak dira. Azken honek digitalizatutako informazioa bideratzen du bere helmugaraino.

Baina, handik denbora batera, konturatu ziren aplikazio gehiago zituela, hala nola, web nabigazioa edo posta elektroniko bidalketak. Horrela, bere erabilera abiadura handiz hedatu zen eta gaur egun milioika pertsonek erabiltzen dugu. Hala ere, herrialde aberatsen garapen teknologikoa ekarri badu ere, 3. mundua behartsuago eta atzeratuago utzi du ikuspegi honetatik.

Erabiltzaileon artean hainbat sailkapen egin daiteke. Hasteko, lanerako maneiatzen dutenak daude, informazioa bilatzeko, jolasteko, telefonoz hitz egiteko, ikasketak bideratzeko, musika jaisteko, bideoak ikusteko, aisialdirako…

Bestalde, internetera konektatzeko bide asko daude: gehiengo batez erabilia dena ordenagailua da eta kontuan hartzekoa da, halaber, gero eta sakeleko telefono gehiagok duela interneteko konexioa. Horretaz gain, internetera sarrera duten hozkailuak, mikrouhinak, telebistak…ditugu. Beraz, eguneroko bizitzako osagai nagusia dela begi bistan dago.

Larunbat honetan, hilak 21, edozein herriko jaietara joateko asmorik ez eta Web 2.0 nahiz blogen mundua ezagutzeko irrikaz bazaude, hementxe duzu aukera ezin hobea: etor zaitez Gasteizko Saregunera goizeko 10:00etan. Tailerrak 2.0 egitasmoaren barnean, Gorkak eta biok ondorengo ikastarotxoa prestatu dugu azaldu nahi duen edonorentzat:

Goizean:

1. Sarrera hitzaldia: Zer da Web 2.0? Kontestua (45 min)

2. Sarreran azaldutako hainbat aplikazioren tailerrak (3 ordu 15min)

  • Jario irakurgailuak (Bloglines.com)
    1. Podcasting irakurgailuak entzule/ikusle moduan (Juice eta Getdemocracy)
  • Markatzaile sozialak (Bildu.net)
  • Hedabide parte hartzaileak (Zabaldu.com)
  • Irudiak igo (Flickr.com)
  • Bideoak igo (Youtube.com eta Jumpcut)
  • Audio, Bideo, Irudi, Testu libreak igo (Archive.org)

Arratsaldean:

Blogak eta blog plataforma ezberdinak (2 ordu)

  • Blog bat sortu
  • Erabilpen posible batzuen adibideak (30 min txapa 30 min mahainguru)
  • Jarioen erabilpen posibleak eta etorkizuna (30 min txapa 30 min mahainguru)

Non eta noiz

  • Non: Gasteizko Saregunen. (Nola iritsi?)
  • Noiz: Uztailaren 21ean.
  • Ordutegia:
    1. Goizez: 10:00etatik 14:00etara.
      Arratsaldez: 15:30etik 19:30era.

Agian, ez da urteko egunik aproposena izango (larunbata, uztaila…) baina, kontuan izanda DOHAIN dela eta Saregunekoek baliabide guztiak gure eskura jarri dituztela, mundu honetan murgiltzeko aukera ezin hobea dela ezin ukatu! Anima zaitez eta eman izena tailerretako wikian edo euskaljakintzako harreman orrian. :smile:

Inazio Mujika Iraola Donostian jaio zen 1963an. Maisu eta Filologia ikasketak egin zituen eta orain arteko jardunean, ipuingintzan aritu da batez ere.

Nik berak idatzitako Hautsaren kronika ipuin bilduma aukeratu dut. Liburu hori aukeratzearen arrazoia irakurtzeko oso erraza zirudiela izan zen eta liburua irakurri eta ondoren nire susmoak bete ziren. Hona hemen pasarte bat:

Errepideko zuloak eta bihurguneak zirela-eta, gure eserlekuetan airean genbiltzan; bat-batean, ordea, Baio herritik pasatzen ari ginela, gure autobus ttiki xaharrak, aurrera segitzeko gogo gutxi nonbait, hots gor bat egin eta kamino bazterrean geratu zen. Birao bat aditu nuen, eta galiziarren artean hain ohikoa den carallo pila bat. Bidaiari batzuek buruak agertu genituen pasabidera, eta besteek aulkien gainetik begiratu zuten txoferra zegoen aldera. Laster igo zen atzera autobuszalea, eta jaisteko agindu zigun. Herrian bazela taberna bat, eta beste autobus baten zain egon beharko genuela pixka batean. Jaisten ari ginela, dinamoa edo beste trepetaren bat aipatu zuen, ez dakit.

Gogorik batere gabe eta mar-mar batean jaitsi ginen denak. Puskak eskuetan hartu eta bost bat minutu oinez ibili ondoren, herriko tabernara iritsi ginen. Aulki-laguna ere —jakina— nirekin nuen eta ondoan eseri zitzaidan, tabernan mahai bat aukeratu eta. Txoferrak pare bat orduan itxaron beharko genuela iragarri baitzigun, zerbait jango ote genuen galdetu nion orduan ustekabeko nire lagunari. Olagarro platerkada bana eskatu genuen eta lakoi piska bat Padrongo piperrekin. Alabaina, esan zidan Xoxek, gaur egun edozein lekutan dituzu Padrongo piperrak; auskalo nongoak diren.

Pasarte osoa irakurtzeko egin klik hemen.

Hainbat ipuin ezberdinez osatuta dago liburu hau. Denak erretiratu berri den kazetari batek kontatuak. Bere bizitzan zehar entzun eta irakurri dituenak dira. Ipuinak Zabalki eta Habe aldizkarietan argitaratu ziren eta liburu honetan bildu dira.

Liburuan oso ipuin ezberdinak daude, esate baterako, Santa Klara uharteko mitoa edo La Forza del Destin0 delakoa. Lehenengoan, kapitan bati eta bere marinelei gertatutako istorioa kontatzen digu eta istorio honen barruan Santa Klara uharteko mitoa kontatzen digu. Diotenez, bertan deskantsatzen dute marinel hilen arimek.
Bigarrenean, Frankoren aldean borrokatu zuen italiar faxista baten familiak ispiluekin duen madarikazioaz hitz egiten digu, bere aitonaren hilketa susmagarriaz eta aitaren istripu misteriotsuaz.

Nire iritziz, liburu hau, lehen aipatu dudan bezala, irakurtzeko erraza eta arina da. Gainera, bertako hainbat ipuin oso bitxiak eta interesgarriak dira; esaterako, lehen aipatutako biak edo Lotsaetxe ipuina.

Nire gomendioa irakurtzea gustatzen ez zaigunontzat liburu aproposa dela da; hala ere, irakurtzea atsegin zaienei ere interesatuko zaielakoan nago.

Tailerrak 2.0Irailean Artelekun ospatutako EH 2.0 jardunaldiei jarraipen bat eman nahian, antolatzaileek uda honetan tailer ezberdinak antolatzea erabaki dute Euskal Herriko txoko ezberdinetan.

Ikasturte hasieran lokalizazioa eta internazionalizazioa izan baziren hizpide, oraingoan hitzak alde batera utzi eta praktikari heltzea erabaki da. Uztailaren hirugarren astean, beraz, Internet, tresna berriak, wikiak, blogak eta beste hainbat web 2.0 baliabide praktikan ikasteko aukera izango du interesa duen edonork. Helburua web 2.0 tresnak eta filosofia dohain Euskal Herri osoan zehar zabaltzea da eta horregatik ez da mugarik egongo. Hau da, nahi adina ikastarotan parte har daiteke (bakar batean nahiz guztietan) eta egin beharreko gauza bakarra tailerren wikian izena ematea da.

Helburu horretan guk ere lagundu nahi izan dugu eta hortxe izango gara uztailaren 21ean, Gasteizko Saregunen, Blogak eta web 2.0 tailerrean. Hementxe duzue egitarau osoa:

  • Wikipedia. Uztailaren 16an, Arrasaten. Arduraduna: Arkaitz Zubiaga.
  • Ubuntu/software librea. Uztailaren 18an, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean. Arduradunak: Sergio Peña eta Ibon Castilla.
  • Podcasting/irratigintza. Uztailaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian. Arduraduna: Jabi Zabala.
  • Blogak/web 2.0. Uztailaren 21ean, Gasteizko Saregunen. Arduradunak: Maite Goñi eta Gorka Julio.
  • Bideogintza. Irailean, Iruñean.

Tailerrak 2.0 herritar guztiengana heldu nahi duen ekimen ireki bat da. Tailerrak, beraz, parte-hartzaileak izango dira, antolaketatik hasi eta aurrerantzean egin beharreko zereginetan ere. Gauzak horrela, jendeak tailer gehiago (eman eta jasotzeko) proposatu ahal izango ditu, guztion artean erakutsi zein ikasteko.

Wikian topa dezakezue tailer ezberdinei buruzko informazio guztia. Anima zaitezte, bada, zuen ekarpenak egitera, zer edo zertan laguntzera edo jakin-mina duzuen gaian izen ematera.

liburuaren azalaNik hautatu dudan liburua Pako Aristik idatzia da. Ez da idazle honi buruz euskaljakintzan idazten dugun lehen aldia, hementxe duzue iaz Ibaik Venezuela, iraultza isilaren hitzak obrari buruz idatzi zuena.

Pako Urrestillan jaio zen 1963an. Kazetaritzan lizentziatua da eta idazlea lanbidez. Prentsan kolaboratu ohi du iritzi artikuluak idatziz, baina elkarrizketak eta erreportaiak ere egin izan ditu. Euskadi Irratian eta Herri Irratian kolaboratu du, eta ETBko gidoilaria ere izan da. Landu dituen literatura generoak: nobelagintza, poesia, kazetaritzako saiakera eta haur eta gazte literatura. Azken honetan kokatuko genuke nik irakurri dudan Benetako lagunen aterbea.

Istorioaren narratzailea bere txikitako herrira bueltatzen da eta bere gaztaroko oroitzapenak, abenturak eta gorabeherak kontatzen ditu. 5 dira pertsonaiarik nagusienak, bostak lagun koadrila berekoak eta ia denak Azpeitikoak.

Lau mutil eta neska batek boskote jatorra eta bihurria osatzen dute. Abentura bat bukatzerako beste bat aurrean jartzen die bizitzak, lehengoa baino arriskutsuagoa eta zirraragarriagoa.

Protagonista herrira itzultzen denean, banan-banan joaten da lagunen etxera ezusteko askorekin topatuz. Dudarik gabe, lagunen arteko elkarrizketa nagusienak herriko udaltzainei buruzkoak dira, komentatzen dute nola ahalik eta isun gehien jartzen ahalegintzen ziren dirua irabazteko. Zinea ere aipagai dute berraurkitzearen solasaldi hauetan. Izan ere, euren bizitzan garrantzitsua izan da zinea, askotan alokatzen baitzituzten beraien adinetik gorakoentzat ziren filmak…

Ia kontakizun guztietan bezala, honetan ere maitasun egoerak azaltzen dira, baina hauek protagonistak zertxobait helduagoak direnean gertatzen dira eta, nola ez, zeloak ere topa ditzakegu.

Amaitzeko, nire ustez, liburu hau 14-17 urteko gazteentzat aproposa izan daiteke; izan ere, une askotan, zuk zeuk txikitan izandako egoera antzekoak topa baititzakezu. Gainera, ez da oso luzea eta nahiko erraz irakurtzen da. :wink:

Edublogs 2007Hace un tiempo que Lu (a quien tuve el enorme placer de conocer en Barcelona en la entrega de los Premios Espiral) me pasó el testigo del Meme comenzado por Charo para el 2º Encuentro de Edublogs en Ayerbe. La verdad es que por una cosa y por otra he ido aplazando mi respuesta hasta llegar un momento en que me parecía que cualquier cosa que dijera ya estaba dicha, que poco o nada podia aportar ya. De todas maneras, esta mañana me he levantado pensando que sería la primera vez en la que se me invita a dar mi opinión y no lo hago, por lo que ahí va mi respuesta. :smile:

Imagina que tienes un colega que imparte tu misma asignatura y quiere incorporar las TIC en su asignatura para el curso que viene. Viene a ti, ya que le suena que tú tienes un blog y enredas con estas cosillas, en busca de consejo. ¿Qué le dirías? ¿Cuáles serían las claves para que tu compañero tuviese éxito en esta tarea?

    1. En primer lugar le felicitaría por haber dado el primer paso. Al fin y al cabo, si ha venido pidiendo apoyo u opinión es porque ha visto, al igual que muchos de nosotros, que la integración de las TIC en el aula, en general, y en nuestra asignatura, en particular, puede ser beneficiosa para nuestros alumnos y para la asignatura.
    2. Trataría de explicarle de una forma sencilla las posibilidades que ofrecen las distintas herramientas web 2.0 y, sobre todo, la filosofía (para que a su vez pudiera trasladarla a sus alumnos). Dificilmente podrás hacer si no sabes qué se puede hacer. Yo, por ejemplo, en su día agradecí muchísimo que mis compañeros me abrieran los ojos y me animaran a probar.
    3. Le haría una demostración práctica-técnica. Crearíamos un blog o un wiki e insertaríamos algún enlace y video con el objetivo de hacerle ver que no hace falta ser un crack en informática para dar los primeros pasos.
    4. Le pondría algunos ejemplos sencillos de actividades sencillas que se pueden realizar con la herramienta, algo concreto con lo que pudiera empezar.
    5. Le daría algunas referencias de obligada visita para que pudiera conocer de primera mano lo que se está haciendo.
    6. Le hablaría de los marcadores sociales y agregadores pero sin entrar en demasiadas profundidades (esto lo dejaría para una 2ª cita).
    7. Y por supuesto, le diría que contará conmigo…

En mi opinión la clave está en abrir los ojos. Se me hace imposible pensar que una vez conocidos algunos, no digo muchos, de los beneficios que las TIC nos pueden proporcionar, nuestros compañeros no se animen a dar el primer paso. El límite está en la imaginación de cada cual.

Estoy dando un curso y no puedo ir a Ayerbe (gracias por invitarme, Isidro) pero espero que tengáis unos días fructíferos en todos los sentidos. Me conformaré con seguir el encuentro virtualmente. :wink:

Iaz nire herrikide den Junek egin bezala, nik ere ikastolari agurra artikulu honen bidez eman nahi diot. Lehengo asteko ostiralean eman genion amaiera afari eder batekin ikastolan igarotako urteei. Adierazi ezin den sentimendu triste eta, aldi berean, pozezko batekin aurkitu nintzen gaua aurrera zihoan heinean. Urteetan atzera begiratu nuen eta ahaztuko ez zaizkidan oroitzapenez betea zegoela ikusi nuen. Onak zein txarrak baina nire bizitzan zeresan handia eman dutenak. Orain egoera bestelakoa da, txiki-txikitatik elkarrekin egon ostean nork bere bizitzarekin aurrera egingo du giro ezberdin batean. Ikastolan aspaldi izan den talde berezi eta garaiezinak agur esango dio, beraz, Jakintzako familiari.

Ostiraleko afaria hizpide hartuz, aipatu beharra dago gure gelako mutilek izan zuten lana beraiek aritu baitziren zerbitzari eta sukaldari lanetan Jokinen gidaritzapean. Neska koadrila, ostera, poteoan aritu ginen afari ordua iritsi bitartean. Niri, hala ere, gehien afari ondorengoa gustatu zitzaidan. Han zegoen saltsa eta esan beharra!!! Batzuek urtean zehar gertatutako gaizki ulertuak konpondu, besteek elkarri txisteak kontatu eta konturatzerako goizaldeko ordu biak ziren. Elkartetik irten eta tabernetarako bidea hartu genuen. Bertan izan ginen hauek itxi artean. Goizeko hiru eta erdiak joak zirela jende gehienak etxera joateko erabakia hartu bazuen ere, parranda zaleenok Segurara joan ginen egunak nola argitzen zuen ikustera. Honela, bada, gosaltzeko ordurako etxean ginen eta ondoren, nekeak eraginda, lotara joan ginen afaria errepikatu beharra dagoela hausnartuz. :smile:


Cool Slideshows!

busaHerriz herri bidaiatzen dabilen MILURTEKO BUSA Beasainera iritsi da asteburu honetan eta astelehen goizera arte ikusgai egongo da Gipuzkoa plazan.

Autobus honen jomuga nagusiak 2000. urtean Nazio Batuko 189 estatuk hartu zituzten Milurteko Helburuak betetzea eta osasunerako eskubide unibertsala aldarrikatzea dira. Horrela autobus honek helburu horiek betetzeko bidaia bat proposatzen du.

Erakusketa hiru zatitan banatzen da. Lehenengo karpak autobus geltoki bat irudikatzen du eta bertan Milurteko Helburuak ezagutzera ematen dira. Ondoren, autobusean herrialde desberdinetako jendearekin (Peru, Bolivia eta Camerun) hitz egiteko aukera ematen da kamera eta mikrofono bidez. Bukatzeko, bigarren karpan proposamenak egiten dira pobrezia gutxitzeko eta hauen kide egiteko aukera eskaintzen da.

Medicus Mundik bultzatutako autobus hau Espainia osoan zehar ibili da eta orain Euskal Herria zeharkatzen ari da. Aldakuntzarako eta errealitate justuagoa lortzeko eman daitezkeen pausoak ezagutzeko abagune aparta dela iruditzen zait; aprobetxatu beharrekoa, beraz !

hirugarren munduaDenok dakigu gaur egun zein egoeratan aurkitzen diren hirugarren munduko familiak, eta badakigu hirugarren munduko biztanleak Asian eta Afrikan bizi direla normalean. Bertako jende asko goseak eta egarriak jota hiltzen da, edo bestela edozein motatako gaixotasun batengatik, sendatzeko botikarik ez daukatelako.

Hori gutxi balitz, herrialde hauetako ume asko eta asko, bizi ahal izateko, txiki-txikitatik hasten dira lanean. Gainera, beraiek erabiltzen dituzten lan tresnak, guk erabiltzen ditugunekin alderatuz, izugarri atzeratuak dira. Esaterako, egurra eta pisuzko gauzak astoz garraiatzen dituzte alde batetik bestera edo, bestela, bizkar gainean.

Herrialde txiro hauetako jendeak egun askotan ez dauka zer jan, eta egiten duten lan guztiaren truke miseria bat besterik ez dute jasotzen. Hainbat kasutan ez dute oinetakorik erabiltzen eta, erabiltzekotan, beraiek plastikozko botilekin eta bi zapirekin egindakoak izaten dira. Arropa kontuan, ez dute arropa askorik erabiltzen, ez baitaukate zer jantzi eta, hotza egiten duenean, horietako asko gaixotuta hiltzen dira.

Hori guztia jakinda, oraindik ere gu kexu eta kexu gara. Behar ez ditugun gauza asko eskatzen ditugu, eta ez dugu bakerik ematen hura lortu arte. Etxebizitzei begira, adibidez, gureak eta beraienak alderatuz, alde handia dagoela ikusiko dugu. Izan ere, gure etxeak gutxi gorabehera handiak, beroak, politak, erosoak eta tresna berriz beteak dira. Beraienak, ordea, oso xinpleak dira, lau egurrez eta lastoz egindakoak, hotzak, logela eta sukalderik gabekoak…

Kontuan izan beharreko beste alderdi garrantzitsu bat eskolatzearena da. Guk protesta besterik ez dugu egiten ez dugulako ikastolara joan nahi edo ez dugulako ikasi nahi edo ez zaigulako ikastea gustatzen. Edonola ere, 3. munduko haurrek ez daukate hori aukeratzerik; izan ere, beraiek ikasi nahi bai, baina ez daukate horretarako aukera askorik. Askok ez dakite ez idazten ezta irakurtzen ere! Gu eskolaz ahaztu nahian eta beraiek, berriz, ikasteko aukera baten bila.

Benetan tamalgarria da duguna apreziatzen ez jakitea. Ez zaizue horrela iruditzen? :sad: Esan beharra dago, dena den, nahiz eta nahikoa ez izan, gaur egun GKE ugari dagoela pertsona horiei laguntzeko prest. Gero eta jende gehiagok, gainera, adoptatu edo besoetan hartzen ditu horrelako umeak azkenaldian maiz burutzen diren kanpaina ezberdinen ondorioz. Hori dela eta, gero eta lan handiagoa egiten ari gara denon artean.

Amaitzeko, zera esan nahi nuke: laguntza beharrean dagoenari laguntza eman behar zaio. Ea poliki-poliki beharrizan gorrian dagoen jendea egoera tamalgarri horretatik ateratzea lortzen dugun!

Murua UriaEuskal idazle eta idazlanei buruzko artikuluekin jarraituz, oraingoan Imanol Murua Uriari buruz hitz egingo dizuet. Imanol 1966ko martxoaren 28an jaio zen Zarautzen. Bigarren abizenaz baliatu zen literatura munduaren barnean murgiltzeko eta bere aitaz ezberdintzeko, haren izen bera baitu. Honela, Imanol Murua Uria izenez ezagutzen da idazle zarauztarra.

Hainbat egunkaritan argitaratu ditu bere elkarrizketa zein artikuluak. Egun, Murua BERRIAko Euskal Herria saileko kazetari eta analista izateaz gain, Mahai Jokoan blogean idazten du.

Aurretik aipaturikoa Imanolen kazetaritza lanari dagokio, baina guri interesatzen zaiguna bere lan literarioa izanik, honako obrak aipatuko genituzke: Suetena Belfasten (1996), Palestina Zauritua (1998) eta, azkenik, hain ezaguna den Geronimo (1999).

Imanolek duen idazteko teknika nahiko sinplea eta erraza dela esango genuke, erraz ulertzeko modukoak baitira bere liburuak. Euskara batuan idazten du, baina zenbaitetan ingelesezko hitzak eta liburuaren kokapenari dagozkion hizkuntzako hitzak ere txertatzen ditu ukitu interesgarriagoa emateko asmotan.

Nik irakurri dudan liburua, Palestina Zauritua, diario edo egunkari baten antzekoa dela esan dezakegu, pertsonaia nagusiak egunero burutzen dituen ekintzak agertzen baitira. Hala ere, ez da diarioa kontsideratzen hirugarren pertsonan emana datorrelako. Bestalde, elkarrizketa ugari txertatzen ditu idazlanean barrena irakurgaia apur bat arintzeko asmotan. Honekin ez da adierazi nahi liburu geldoa denik, ezta gutxiago ere. Izan ere, denetik aurki daiteke bertan: gerrak, liskarrak eta baita edozein egun arruntean bizi daitezkeen gertakariak, turismo egiten ari zaren egun horietako batean gerta dakizkizukeenak.

Imanolen Palestina Zauritua izeneko liburuak euskaldun batek Palestinara egiten duen bidaia kontatzen du eta honek bertara joan arte dituen arazoak. Ez hori bakarrik, hara iristean jasaten dituen gertaerak ere azalduko dira liburuan eta baita euskaldun honek egunero burutzen dituen ekintzak pausoz pauso. Protagonistak kamera bat eramateko asmoa du baina, aireportuan kentzearen ondorioz, ezin ditu ikusi eta bizitako hainbat ekintza filmatu. Hala ere, Ramallan, “lagun” bat egiten du eta honek filmatzen ditu kameraren bidez ekintza asko. Euskaldun honek hainbat bidaia egiten du Palestinan zehar, lurralde sakratura, Zsjordaniara, Israelgo mugara… eta horietan guztietan aurkitzen ditu filmatzeko moduko gauzak. Leku horietan hainbat pertsonaia ezberdin ere ezagutzen ditu eta bakoitzak berak bizitako historia eta jasandako egoera politikoa adieraziko dio.

Liburu honetan Palestinako egoera politikoa azaltzen da. Horretaz gain, israeldarrekin dituzten arazoak eta beste hainbat lurralde autonomoen mugetan dituztenak ere agertzen dira. Liburua ongi ulertzeko eta lasai jarraitu ahal izateko, egokia da gai horretaz informazio pixka bat izatea; baina, lasai, horrela ez bada, liburu hasieran kronologia bat dago eta bertan ongi azaltzen da hainbat jakingarri.

Palestina zauritua liburuak Palestinaren eta Israelen arteko gatazka erakusten digu. Idazlea Palestinan izan da eta bertan palestinarrekin, herriarekin bizi izan da, haiekin eta beste askorekin elkarrizketatu eta mintzatuaz: islamistak, judu ultraortodoxoak, soldaduak, presoak eta abarrak.

Ondorioz, oraingoan ere gatazka bera erakusteaz gain, gatazkaren barruan murgildurik dauden alderdi guztiekin egoten saiatu da, bai alde batean bai bestean egunero egoera hori sofritzen duen herriarekin. Liburuak horren guztiaren kronika biltzen du. (…)

Hala ere, oraingo honetan herri palestinarrarekin egindako lana israeldarrarekin egitea faltan botatzen da. Imanol Murua Uria saiatu da hori lortzen, noski; aurreko liburuan gatazkaren bi alderkiak oso ongi islatuak gelditzen ziren, baina oraingoan lan bera gehienbat palestinarrekin egin du. Liburuak dakartzan eraskinak —mapak, kronologia, bidaia aurreko jakingarriak— aurrekoan baino ugariagoak eta sakonagoak dira, eta lan hori liburua irakurtzen hasi aurretik asko eskertzen da, baina arazoa osotasunean aztertzeko orduan, nik behintzat, Israelen ikuspegi zabalagoa eta sakonagoaren falta sumatu dut. Liburuan Palestinaren zati handi bat islatuta geratzen den bezala, ez dut uste Israelekin gauza bera gertatzen denik. Bestalde, gaia bera jorratzeko orduan ere oraingo ikuspegia desberdina da. Liburu honetan, idazlea kazetariaren inpartzialtasuna gordetzen saiatu den arren, gehien zein zaurik mintzen duen adierazten du. Jose Jabier Fernandez (Euskaldunon Egunkaria, 1999-01-16)

Nik liburu hau ez dut gomendioz irakurri. Liburutegian ikusi nuenean, izenburuak begirada hara eramanarazi zidan nik horrelako gaiak laket ditut eta. Beraz, nire gustu berdinekoak bazarete eta aurretik aipatu dizuedana atsegin izan baduzue, Imanol Murua Uriaren Palestina Zauritua liburua gustuko izango duzue.

Gaurkoa ez da oso egun aproposa gertatu Ikastolaren Eguneko jarduera guztien erregistro grafikoa biltzeko. Arazoak izan ditugu eta burutu diren jardueren erdia, edo gutxiago, besterik ez dugu jaso. Nolanahi ere, ikastolako partaide guztiek jasotakoa ikusteko aukera izan dezaten, berehala jarri gara martxan eta jada bideo bat eta argazki bilduma txiki bat eskura jarri dizuegu IKTeroetan eta hemen. Disfruta dezazuela!


Informazio gehiago gure ikastolako web orrian. Albiste kanalak bisitatu.

Iazko ikastolaren egunaGuraso, ikasle, irakasle eta herritar agurgarriak :

Ikastolaren eguna bihar ospatuko dugunez, ekintza desberdinen programaren berri eman nahi dizuegu eta parte hartzeko gonbidapena luzatu:

Haur Hezkuntza eta LHko Lehen Ziklora zuzendutako ekintzak VILLA EUGENIAN

  • Goizeko 10:00etan Ikastolan elkartuko gara guraso, ikasle eta irakasleak.
  • 10:15 ean Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango dugu ikusgai bertan.
  • 1 1:30ean LH2ko gure abesbatzaren emanaldia izango dugu .
  • Bukaeran guraso bakoitzak bere seme-alaba jaso beharko du.

Lehen Hezkuntzako Bigarren eta Hirugarren Ziklora zuzendutako ekintzak.

  • 10:30ean 3. eta 4. mailakoak Barandiaran plazan, eta 5. eta 6. mailakoek Garagartza plazan jokoak izango ditugu.
  • 11:45ean Villa Eugenian DBHko ikasleen antzerki emanaldia izango dugu ikusgai.

DBH eta Batxilergoko Zikloetara zuzendutako ekintzak.

  • Goizeko 10:30ean frontoi inguruan elkartuko gara guraso, ikasle eta irakasleak. Bertan kirol desberdinak izango ditugu: pilota, toka eta futbola, besteak beste.

Ekitaldi hauen guztien amaieran, 12:30ean, DASTATZEKO HAMAIKETAKO GOXOA IZANGO DUGU GUZTIONTZAT ARBOLEDAN. (Birziklairako jarriko diren zabor poltsak izendatuta egongo dira, erabil itzazue mesedez.

Gozatu ikastolaren egunaz!

BBK FestivalAzken urteetan ospatzen ari den Bilbao Live Festival aurten ere badator eta inoiz baino indartsuago gainera. Izugarrizko kontzertuak antolatu dituzte eta BBKren laguntza izan dutenez, izenari ere aldaketatxo bat eman diote, aurten Bilbao BBK Live izenpean ospatuko da jaialdia.

Honezkero guztiok jakingo duzue, beste hainbat talderen artean, Iron Maiden, Metallica eta Red Hot Chili Peppers izango direla. Sarrerak eta bonoak salgai daude eta sarrera guztiek ematen dute bertan kanpatzeko eskubidea.

Kontzertuak ekainaren 21, 22, 28 eta 29an ospatuko dira. Sarreren eta bonoen prezioak ondorengoak dira:

  • 4 egunetarako sarrera: 180 €
  • Ekainaren 21 eta 22rako sarrera: 110 €
  • Ekainaren 28 eta 29rako sarrera: 90 €
  • Ekainaren 21eko sarrera: 65 €
  • Ekainaren 22ko sarrera: 65 €
  • Ekainaren 28ko sarrera: 35 €
  • Ekainaren 29ko sarrera: 65 €

Lehenik hiru egunetarako bono bat atera zuten, 100 € balio zuena. Egun aldaketen ostean, bono horrek lau egunetarako balioa hartu du eta orain 180 € balio du. Horrez gain, jakinarazten dizuet ezin dela ez edari, ez janaririk sartu kontzertuak ospatuko diren esparrura. Beraz, bertan kontsumitzea edo kanpora ateratzea beste aukerarik ez da geratzen.

Azken aldaketen ondoren, horrela geratu dira egun ezberdinetako emanaldiak:

Ekainaren 21, osteguna:
Iron Maiden, Within temptation, Mastodon, Stone Sour, Juliette and the Licks, Blood Simple, Vhaldemar, Lauren Harris

Ekainaren 22, ostirala:
Red Hot Chilli Peppers, My chemical romance, Fishbone, Fermin Muguruza, Kula Shaker, Billy Talent, Berri Txarrak, One direction drive

Ekainaren 28, osteguna:
Fito & Fitipaldis, The Ellas, Los Ronaldos, Muchachito Bombo Infierno, New York Dolls, Nun, Maceo Parker, I love Ufo

Ekainaren 29, ostirala:
Metallica, Incubus, Biok,The (International) Noise Conspiracy, Idi bihotz, Zico Chain, Nebula, Bullet for my Valentine, Laia

Informazio gehiago eta ordutegien berri izan nahi baduzue, egin klik hemen eta ospakizunaren inguruko azken gorabehera guztiak jakin ahal izango dituzue.

Sarrerak BBK-ko kutxazainetan eskura ditzakezue. Ondo pasa joaten bazarete! :smile:

sariarekinOstiral goizean, zuek hautaprobetako azken azterketak egiten ari zineten bitartean, Bartzelonara abiatu nintzen gure sariaren bila. Bakarren bati euskarako azterketaz galdetu diot eta badirudi nahiko ondo joan dela, ezta? :smile: Hala espero dut. Bada, asko gogoratu nintzen zuetaz eta pentsatu nuen lastima izan dela sari banaketa gertuxeago ez izatea denok bila joateko! :sad:

Espiral elkarteak antolatutako Jornada Espiral 2007 jardunaldietan banatu ziren sariak. Horren aurretik, goizean, sarituok labur-labur gure lanaren berri emateko aukera izan genuen eta nik euskaljakintzari buruz (nola egiten dugun lan, zeintzuk diren gure helburuak eta emaitzak, zenbat lan egin duzuen…) minutu batzuez hitz egin nuen. Denek zuentzat zorionak eman zizkidaten eta nik, saria jasotzerakoan, zuen izenean eskerrak eman nizkien, noski!

Ederki joan zen guztia. Beste batzuk egiten ari direna jakiteko aukera izan nuen eta jardunaldietan beste hainbat aplikazio eta ideia interesgarri entzun, ikusi eta ezagutu nituen. Dena den, aitortu beharrean nago inbidia pittin bat ere pasatu nuela ikusita batzuek besteekin nola hitz egiten zuten eta nola ezagutzen zituzten elkarren lanak. Garbi dago hizkuntza oztopo izan dela gure kasuan, ez saria irabazteko baina bai proiektua ezagutzera emateko. Honen haritik, dezentek esan zidaten euskaljakintzan sartu zirela baina tutik ere ulertu ez zutenez, berehala atera zirela eta ea zergatik ez nuen gaztelaniazko azalpenen bat ipintzen. Zer iruditzen zaizue?

Ostiral arratsaldea eta larunbat osoa jardunaldietan pasa ondoren, Bartzelonan buelta bat eman gabe ez nintzela itzuliko erabaki eta Rambletan barrena ibili nintzen. A ze giroa! Itsasaldea ere bisitatu nuen eta, azkenean, Gaudiren La Pedrera edo Milá etxean sartu nintzen. Zoragarria! Argazkian ez da ondo ikusten baina etxe horretako ganbaran nago saria eskuan dudala! :smile:

Amaitzeko, hementxe duzue irabazi dugun urrezko ziba. Beste saria, Mimio arbel digital bihurtzailea, ikastolan jasoko dugu hauetako egunen batean. Badut gogoa probak egiten hasteko! :wink:

ziba

Oharra: gaur goizean esan diogu Manuri hamaiketakoarena (Jon Ander, Eneritz I. eta hirurok) baina ez dakit ez ote duen gorrarena egin!!! :wink:

Eguna iritsi da eta hauxe izango duzue berrikasketarako azken mezua. Gogoan izan gelan esandako guztia:

1. Irakurri testua bizpahiru aldiz. Ez hasi ezer erantzuten testua bi aldiz irakurri arte.

2. Galde-erantzunak:

  • Galdegaia kontuan izan.
  • Ez idatzi zentzurik ez duen ezer.
  • Irakurri erantzuna galdera aurrean izango ez bazenute bezala eta ziurtatu zentzu osoa duela (subjektua, osagarriak eta aditza).
  • Erantzun diozue galderari?

3. Gaia:

  • Gaiaren bidez, egilea zertaz mintzatzen den adierazi behar da, ahalik eta hitz gutxien erabiliz.
  • Ez dadila izan ez orokorregia ezta zehatzegia ere.
  • Ahal dela aditzarik ez erabili (gehienera jota, aditz nominalizatuak: etortzea, sortzea…)
  • Irudiak, sinboloak edo metaforak ez ditugu gaitzat hartuko; izan ere, norbaiti testua horri buruzkoa dela esango bagenio, ez luke testuaren nondik norakoaren arrastorik ere izango.

4. Laburpena:

Laburpena idazten hasi aurretik, paragrafo bakoitzaren aldamenean ideia nagusia jarri. Ideia nagusi horien bildumak emango dizue laburpen egokiena. Lokailuak erabili ideia nagusi horiek euren artean uztartzeko (ez idatzi esaldi solteak bata bestearen atzetik, inongo loturarik gabe).

5. Esaldiak moldatu:

Ondo pentsatu lotu beharreko esaldi horien artean zer nolako erlazioa dagoen (aurkaritzakoa, ondoriozkoa, kausazkoa…) eta horren baitan erabaki zein lokailu erabili. Puntuazioa zaindu (puntu eta koma, koma…)

Ariketak egin nahi badituzu, egin klik hemen.

6. Idazlana:

Egizu gidoi bat idazten hasi aurretik. Egitura erabakitzean, pentsatu gidoian zerrendatutako ideiak zenbat paragrafotan garatuko dituzun. Paragrafo gehiago edo gutxiago erabiliz antolatuko duzu testua, baina, ahalegindu zaitez, paragrafo bakoitzean elkarrekin lotura daukaten ideiak biltzen. Izan ere, ondo antolatzen ez baduzu, ideia bat paragrafo bitan banatuta gera dakizuke, edota paragrafo berean lotura gutxidun ideiak bilduta gera dakizkizuke. Kontuan har ezazu, gidoitik aukeratutako ideiak elkarrekin ondo lotzen badituzu, irakurleari informazioa ordenatu egingo diozula, eta irakurtzean hariari errazago jarraitu ahal izango diola. Horretarako, ideiak antolatzeko, elkarrekin lotzeko eta hariari ondo eusteko, pentsatu zer lotura eta zer antolatzaile (1 eta 2) erabiliko dituzun.

Informazio gehiago nahi baduzue, joan gure wikira.

Estresa pixka bat gainetik kentzeko, abesti hau eskaini nahi dizuet. Zorte on! :smile:

Pages:      1 2 3 ... 10 Next

Blog honetan Jakintza ikastolan ekoiztu ditugun blog guztien informazioa jaso ahal izango duzu

sponsor
time tracking harvest

Harvest - Simple time tracking, powerful reporting.

Suprss
(Subscribe to this page via RSS!)